Herri Txiki Diseinu Handi

Ideación, conceptualización y campaña gráfica de evento

    Habian! Errenteria-Orereta ADN Kreaktiboaren proiektuaren baitan Herri Txiki Diseinu Handi sormenezko lehen jardunaldiak antolatu genituen 2017ko marxtoan eta maiatzean, gure estudioa kokatuta zegoen Torrekua eraikinean. Bertan, espazio hau eduki kreatiboz elikatzeko beharra somatu genuen, gure ustez, sektore honetan diharduten enpresak, pertsona sortzailez eta dinamika ezberdin eta ezohikoz inguratu behar direlako. Horregatik, esparru ezberdinetan lan egiten duten sortzaileekin topaketak proposatu genituen, gure egunerokoaren errealitateaz hitz egiteko.

 

 

 

 

     Sormenera dedikatzen garen pertsonak izanik, eta estudio bezala, badira oso arduratuta gauzkaten hainbat problematika, eta funtsezko ikusten dugu eztabaida sortu eta hauen inguruan aske mintzatzea. Nabaritu dugu, modu honetako topaketa ezberdinetan publiko bezala egon ondoren, gure ogibidearen egunerokotasunaz gutxitan hitz egiten dela, eta hitzaldi hauek estetikan eta efektismoan bakarrik geratzen dira askotan. Orain arte ilunpetan egon diren txokoetan argia piztu nahi dugu, dirua, enkarguak edota bezeroekin harremanak bezalako tabuak harrotu nahi ditugu.

Azken finean, talde terapia moduko bat baino ez da! ;)

 

 

     Herri txiki Diseinu Handi izenari dagokionez, Buro Destruct estudio suitzarraren esaldi baten itzulpenean oinarritu gara: Small City-Big Design.

     Uste dugu gauza handiak egiteko, hiri handietan egoteko beharrik ez dagoela, are gutxiago gaur egun, interneten aroan. Gure eskualdean, eta orokorrean, Euskal Herri osoan, eromenerako eta fantasiarako beta, oso urriak direla iruditzen zaigu. Errealista, normala, erregularra eta anbizio gutxi izatera gonbidatzen gaituen ingurunean bizi gara.

    Horregatik iruditzen zaigu horren garrantzitsua, topaketen materiala, esandako gai honen inguruan eratzea, herri txikietakoak diren, edota herri txikitan lan egiten duten gonbidatuak ekarriz, edo baita, herri txiki horiek sinbolikoki lanbide jakin baten bitartez errepresentatzen dituztenak, diziplina minoritarioak lantzen dituztelako adibidez.